XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bada hori, nire nebatxoa han egonda tripa bete ibiliko zela. Juanek gin izoztua eskatu zuen.

- Burua argitu beharra dut -esan zidan, gurasoei aitzakia emango balie bezala.

Arazoren bat izaten zenean, edatea ez zela irtenbidea esatekotan egon nintzen, baina ez nuen marijakintsua izan nahi halako une batean eta, gainera, alkoholaren kontrakoa izango ez banintz, neuk ere lehenengo aurkituko nuen alkoholez betetako edari kirastun horietako bati helduko niola pentsatu nuen.

Zain zeuden askok Juanek bezala egin zuten.

Aldamenean nuen emakume batek, ordubete baino gutxiagoan, hiru whisky hartu zituen eta, jakina, guztiz hordi bukatu zuen.

Emakume heldua zen, potolotxoa eta nahiko zaharkitua.

Beharbada ama baino piska bat zaharragoa izango zen, baina amona zirudien.

Edariaren eraginez alaitzen hasi zenean, piska bat lehenago baino berritsuago bihurtu zen.

- Telebista ekartzen dutenean telesaila ikusiko dugu -behin eta berriro esaten zuen.

Jendeak ez-entzunarena egiten zuen.

- Zuk telesaila ikusten duzu? -galdetzen zuen. Azkenean, norbaitek ezetz erantzun zuen.

- Ez? -harritu zitzaion, begiak zabal-zabalik. Bada, liluragarria da. Entzun: bizitzan bakarrik dagoen neska itsu gaixo bat dago eta zaindu eta, gainera, maite duen babesle nagusi batekin bizi da...